Kimutx

Kimutx proiektua

Proiektua nori zuzenduta dago?

Haurrak egunerokoan alai eta pozik

Asmo nagusia, zero-sei urte bitarteko haurrek, eguneroko ekintza zehatz batzuk modu alaiean, jostagarrian eta maitakorrean batean gauzatzen laguntzea da, burututako jarduerak Euskal Herriko kulturaren testuinguruan kokatuz.

Horretarako, kantuan oinarrituko gara, batez ere, honek duen balioa eta ematen dituen onurengatik. Hala ere, helburua lortzeko hiru baliabide erabiliko dira; musika, doinu eta erritmo egokietan; hizkuntza, bai bertsoetan, bai ipuinetan islaturik; eta irudiak.

Haurrak munduari zabalik dauden pertsonak dira, eta beraien baitan daude gaitasun eta erantzun guztiak. Maitasunez beraien jardun askean oinarrituz esperientziak eskaintzen dizkion giro eta inguruneak sortuz, umearen erritmoa errespetatuz eta haurraren behar eta interesetatik abiatuta, ingurua ezagutzen lagunduko dion giroa sortzea da lan honen oinarrizko helburuetako bat.

Kostata egiten diren jardueratan zein poztasunean bidelagun

Egunerokotasunak badu bere baitan haurraren eta inguruan dauden pertsonen arteko erritmo talka bat. Helduon munduak dituen arauak (lana, ordutegi finkoak...), beste familiartekoen beharrak, zaintza bereziak eta bestelako ekintzek batzuetan haurra zein bere ondokoa estutzen ditu. Guzti honek egunero ematen diren zenbait ekintzetan momentu zailak sor ditzake: janzteko, oheratzeko, lotarako, jateko... Alaitasunean zein tentsio-uneetan bide-lagun izateko borondatearekin sortu da proiektu hau, beti ere gure kulturaren eta haurraren begirunezko ikuspuntutik abiatuta.

Kantuak, ipuinak eta irudiak

Doinuen eta kantuen bitartez landuko diren gaiak hauek dira: esnatzeko orduan goxo, jolasten arropa jantzi, eskolara/haurtzaindegira joan, jateko unea, jostailuak jasotzeko garaia, etxera bueltatzeko bidea, bainutxoan jolasean, ohera joateko deia, loaren aurreko beroa, laguntasunaren balioa landu.

Gai bakoitza abesti batekin landuko da, beraz, eta hura ipuin batean txertatuko da. Ipuinek, euskal mitologiaren munduan murgilduko gaituzte. Bertan, pertsonaia mitologikoak haurrak dira, eta haien bitartez beraien mundua ezagutuko dugu ume diren izaki horien begietan.


Gurasoentzat, haurreskolentzat eta orokorrean haurraren ingurukoentzat lagungarria den tresna

Orokorrean haurraren inguruan bizi diren helduentzat lagungarri den materiala sortu dugu ere. Alaitasunean zein tentsio-uneetan bide-lagun izateko borondatearekin sortu da proiektu hau, beti ere gure kulturaren eta haurraren begirunezko ikuspuntutik abiatuta.


Musika eskoletan, ipuin kontalarientzako, bertso eskoletarako eta irakasleentzat prestaturiko materiala ere bada

Proiektu hau etxekoekin, lagunekin edota hezkuntzako beste arlo batzuetan erabiltzeko baliagarria da. Material jostagarri zein didaktiko zabala sortu da, eremu askotan erabili daitekeena.

  • - Eskoletako irakasleek edo ipuin kontalariek erabili dezakete haurrei euskal mitologiaren inguruko lehen hurbilpena emateko ipuinak kontatuz eta kantatuz.
  • - Irudi mozgarriekin txontxongiloak sortu daitezke eta haur zein heldu beraiek sortutako istorioak antzeztu ditzakete.
  • - Ipuinetako pertsonaiak eta zenbait eszena nahi den moduan koloreztatzeko aukera dago.
  • - Musika eskoletan eta eskoletan kantua eta gorputz adierazpena lantzeko aukera ematen du bai audio CDan agertzen diren kantei esker, bai eta material didaktikoa biltzen duen CDan jasoak dauden kanten melodia musikatuengatik.
  • - Musika ikasteko eta praktikatzeko partiturak ere biltzen ditu.