Kimutx

Kimutx proiektua

Bertsoaren nortasuna

Bertsoa, ahozkotasunezko jolas bat da. Hitz, errima eta neurri jolas honek gure nortasun kulturala eraikitzen laguntzen du eta ohiturak eta folklorea transmititzen du. Sortutako kanta guztien letrak bertsoak dira. Sortzaile bakoitzak erabaki du zein forma eman lortu nahi zen helburura iristeko.


Haziak ereiten

Bertsoekin oinarri kognitibo ugari garatzen dira, esaterako; jarioa, malgutasuna, originaltasuna... pentsamendu dibergentea eta independientea eta aldi berean ahozko-adierazpena eta komunikazio maila areagotzen dira.

Haur txikientzat bertsoaren egiturak mamitzea oso garrantzitsua da. Alde batetik, bertsoek ematen duten hizkuntz baliabide eta aberastasunak beraien adierazpenerako mundua zabalduko baitie, eta bestetik egitura erregularrek ikasketa erraztuko diotelako.


Landutako gaiak

Gai ezberdinak jorratuko ditugu hemen. Guztiak, haurraren egunerokotasunean ematen diren ekintzen isla dira, baina badira ere sentimenduekin harremana dutenak.

Batzuk umeentzat atseginak dira eta besteak ez dituzte begiko. Ekintza guztiak modu goxo, gertuko eta maitakorrean burutzeko tresna izango da bertsoa eta, bide batez, momentu ezatseginak modu egokian bideratzeko tresna.

Hauek dira jorratu ditugun gaiak: esnatzeko garaia, arropa janzteko unea, eskolara/haurtzaindegira joatea, jatea, jolastea, jostailuak jasotzea, etxera bueltatzea, bainatzea, ohera joatea, lo egitea, laguntasunaren balorearen lanketa.