Kimutx

Ostirala

Gu mendian bizi gara eta ardiak eta beste animalia
batzuk ere zaintzen ditugu.

Harroka batzuk hartu eta borda antzeko etxeak
egiten ditugu gaua igarotzeko...

Ostirala - Ilargiaren eguna II

- Eseri denak! Mugi! Berehala hasi nahi dut! - Tartalok urduri.
- Aker lasai, oraindik Nora ez da iritsi eta, berehala hasiko gara. - Amalurrek.
- Noraaaaaaaaaaaaaa! Mugi!!!!!!!Akerrek Kataxuloko sarreratik oihuka.
- Barkatu! Lo hartu dut!
- Ongi Tartalo, orain has zaitezke.


Ni Tartalo naiz! Eta begi bakarra daukat, horregatik deitzen digute “begibakarrak”. Baina ez pentsa begi bakarra izateagatik gutxiago ikusten dudanik, nik den-dena ikusten dut! Zuek uste duzuena baina askoz gehiago gainera. Begi honekin zuek bi begirekin adina ikusten dut baina gainera, zuek ikusten ez duzuena ere ikusteko gai naiz. Oso urruti dauden gauzak ikusten ditut eta baita gauza txiki-txikiak ere... baina nire begia baino askoz gauza interesgarriagoak ere baditut eh!

Handi-handia naizenez, indar handia dut eta harriak erraz-erraz mugitzen ditut. Horregatik, egiten ditugu begibakarrek harrizko etxe polit-politak eta baita beste gauza asko ere.


- Tartalo! Nik behin begi bakar bat ikusi nuen Aralarren artalde handi batekin, zuk badituzu ardiak?


Ez aurreratu Kimutx! Orain kontatu behar nuen hori! Gu mendian bizi gara eta ardiak eta beste animalia batzuk ere zaintzen ditugu. Harroka batzuk hartu eta borda antzeko etxeak egiten ditugu gaua igarotzeko, eta gainera, gazta ere egiten dugu mendian gaudenean ardien esnea erabiliz.

Ez dakigu oso ongi zergatik baina pertsonek beldurrez begiratzen digute eta alde egiten digute... aitonak esan zidan aspaldi-aspaldi, ardiak zaintzen ari zen egun batean, gizon bat ezagutu zuela, eta hark esan zion begibakarrek pertsonak jaten ditugula uste zuela... aitonak, ordea, gazta eman zion eta gaua igarotzeko bordan sutondoan lekua eskaini zion. Gizon hark asko eskertu zuen aterpea eta babesa gau ilun eta hotzean eta onak garela esango zuela zin egin zion... baina oraindik, beldurrez begiratzen digute. Nola jango ditugu pertsonak? Barazkiak, fruituak eta gazta besterik ez dugu jaten eta! Pertsona hauek, piska bat eroak daude... hori pentsatzea ere....


- Ba bai! Guri ere batzuek beldurrez begiratzen digute eta lagundu egiten diegu! - Kimutxek.
- Bai, eta sorginak gaiztoak garela esaten dute!
- Hori ez dakitelako esaten dute, ezagutzen ez dutenaren beldur direlako, baina ez kezkatu, ikasiko dute eta. Tartalo, zerbait gehiago kontatu nahi diguzu? - Amalurrek.


Bai, askotan ardiek beldurra izaten dute mendian lo egiteko. Guk, Noraren aitatxi Mixelen abestia kantatzen diegu beste doinu batekin, eta horrela musikaren laguntzaz lasaitzen ditugu:

Agur eginik egun guziko nekeri,
eguzkia nun gorde den ez da ageri.
Gau on erraiten digu ilunak deneri
orain lo haundi baten egitera txauri.
Gau on erraiten digu ilunak deneri
Atseden ta atsegin, denen izan bedi.

Eguna baidiguzu zorionez bete,
aiton amon, aitamek zoin zaitugun maite!
Jostailuek ere lo egin behar dute,
izarrek dener argi eginen digute.
Jostailuek ere lo egin behar dute,
zuk ere, maitea, lo egin, bihar arte.



Eta abestu eta berehala denek lo hartzen dute. Eta baita guk ere... baina guk, begia ez dugu isten lo gaudenean, beti erne izaten dugu ardirik galdu ez dadin...

- Eta oso gazta ona egiten duzue gainera. - Amalurrek gazta zatiak banatu bitartean.
- Ummmmm! Ze goxoa!
- Nik ez dut nahi! Ez zait gustatzen!
- Ba zuk galtzen duzu Kimutx, primerakoa da!
- Bidean jango dut nik! - Norak gauzak bildu bitartean.
- Bai, etxerako ordua duzue. - Amalurrek.
- Goazen!
- Ezetz harrapatu Aker?
- Ikusiko duzu Martintxo!
- Ezkerreko zuhaitzaren atzean dago Martintxo!
- Tartalo! Ez du balio! Berak ez nau ikusi! - Kimutxek haserre.
- Aio!
- Agur!
- Bihar arte!