Kimutx

Osteguna

Beno, dakizuen bezala, ni jentila naiz eta Kataxulon bizi naiz.

Denek ezagutzen duzue nire etxea,
baina ez dakit jakingo ote duzuen kobazulo
honetan zer gertatzen den...

Osteguna - Zeruko eguargiaren eguna

- Egun on. Zer moduz egin duzue lo? - Amalurrek.
- Primeran!
- Ongi...
- Etzanda! - Martin Txikik.
- Kar, kar, kar! - Akerrek.
- Nik ez dut apenas lorik egin.
- Zergatik Laiene, ondo zaude orain? - Amalurrek goxo.
- Bai... beno... piska bat urduri... gaur nire txanda da...
- Lasai. Ziur gauza interesgarri pila kontatuko dizkiguzula eta.
- Laiene! Laiene! Laiene! - Denek aho batez.


Ixo! Gehiago lotsatuko naiz bestela! Beno, dakizuen bezala, ni jentila naiz eta hemen bizi naiz, Kataxulon. Denek ezagutzen duzue nire etxea, baina ez dakit jakingo ote duzuen kobazulo honetan zer gertatzen den...


- Bai! Eskolara etortzen garela! A ze galdera Laiene. – Martin Txikik erdi-haserre.


Martintxo! Ziur ez dakizula kobazulo honetan gauza oso bereziak gertatzen direla! Kobazulo hau ez da beste batzuk bezalakoa, horregatik dago hemen eskola, kobazulo magikoa delako. Eta magikoa da jentilen etxea delako. Jentilek gaitasun handia dugu magia egiteko eta sorginen antzera, guk ere, naturan topatzen ditugun belarrak eta loreak erabiltzen ditugu behar duguna lortzeko. Edozein gauza urrezko bihur dezakegu. - Harri bat hartu eta urrezko orrazi batean bihurtzen du. - Eta lamiei eta beste izakie ematen dizkiegu. - Jurdanari oparitzen dio orrazia - Eta beste izakiek, beraiek eginiko gauzak ematen dizkigute trukean.


- Mila esker Laiene! Baina... nik ez daukat ezer zuri emateko... - Jurdanak lotsaturik.
- Baduzu zerbait oso berezia Jurdana, muxu eta besarkada bat eman, lagun bati egiteko oparik onena duzu hori. - Amalurrek.
- Bai! Egia da! Muaaaaaa!


Ikusten? Gure magiarekin mundua politagoa egiten dugu. Jentilek, magiaren bidez maitasuna ematen diogu munduari.


- Nora! Etorri ona! Muxutxo bat emango dizut. - Akerrek.
- Aker! Zu beti berdin!


Beno, Aker! Utzidazu bukatzen! Kataxulo da nire etxea eta eskola hemen dago Kataxuloko kobazuloa jentilen magiak babesten duelako eta hemen, ezin delako ezer txarrik gertatu. Hemen, inork ez ezerk ezin digu minik eman, natura guztia babesten duen magiaz beterik dago.


- Eta horregatik bizi naiz ni ere hemen - Amalurrek - beste toki batzuetan arriskuan nago, baina hemen natura eta ama lurra maite dutenak bakarrik sar daitezke.


Amalurrekin primeran pasatzen dugu hemen! Oso zintzoa da. Eta abesti polit-polit batekin esnatzen gaitu guztiok.

Kliklakliklaklaki
Kliklaklika jaiki!
Begiak zabaldu
Kliklakliklaklaki
Ilargia joan da
kliklakliklaklaki
orain eguzkitan
ametsak eraiki!
Kliklakliklaklaki
Kliklaklika jaiki!
Begiak zabaldu
Kliklakliklaklaki
Ilargia joan da
kliklakliklaklaki
orain eguzkitan
ametsak eraiki!
Kliklakliklaklaki
Kliklaklika jaiki!
Begiak zabaldu
Kliklakliklaklaki
Ilargia joan da
kliklakliklaklaki
orain eguzkitan
ametsak eraiki!

Argiak goxoki
Esnatu zaitu zu
Maite dituzun denak
Alboan gaituzu
Jaso milaka laztan
Eta mila muxu
Egun zoragarri
Bat aurretikan duzu

Agur-agur esan
Dizu ilargiak
Kaixo esan dizu
Eguzki argiak
Luza itzazu besoak
kenduaz nagiak
Irripar egin ta
Zabaldu begiak!


Baina badakizue zer den Kataxuloren gauzarik bereziena? Gure magiak sortzen dituen urrezko gauzak ez dira betirako urrezkoak, natura maite eta zaintzen dutenentzat betirako izango dira, baina asmo txarra dutenentzat, kobazuloari bizkarra ematen dieten unean, ikatz bihurtuko dira.
Pertsona askori gertatzen zaie. Hona laguntza eske etortzen dira, asmo ona dutela esanez eta guk lagundu eta urrezko opariak egiten dizkiegu... baina berehala dakigu zeinek ez dituen merezi... kobazulotik atera bezain laster asko ikatz bihurtu edo desegiten dira eta..

Eta horrela, jentilek natura eta izaki onak babesten ditugu. Gainera, baditugu oso lagun on batzuk horretan asko laguntzen digutenak, intxisuak dira eta oso maiz izaten ditugu hemen bisitari. Mendian topatzen dituzuen harrizko eraikuntzak egiten dituzte, trikuharriak eta halakoak, eta bertan lurperatzen dituzte izaki garrantzitsuak eta beraien altxorrak. Bihotz oso onekoak direnez, opari asko egiten dizkiegu eta beraiek egiten dituzten ibilaldietan bilduriko belarrak... ekartzen dizkigute.


- Oso ondo azaldu duzu dena Laiene, baina bazkaltzeko ordua da, bihar ikusiko dugu elkar.
- Eta nire txanda da! - Tartalok ozen.
- Agur!
- Gero arte!
- On egin!