Kimutx

Larunbata

Beste izakiei laguntzeko zubiak egiten ditugu.

Zubi bat egin ondoren gure abestien bidez
beste izakiei adierazten diegu
zubia non egin dugun...

Larunbata - Lau zenbakiaren eguna

- Gaur lamien txanda da! -Kimutxek Jurdanari begira.
- Bai, Kimutx. Gaur Jurdanarekin eta bihar Martin Txikiren istorioekin amaituko dugu astea.
- Ze ongi!
- Bihar gauza piloa kontatuko dizuet!
- Jurdana, zer iruditzen gaurko eskola erreka ertzean egiten badugu? Horrela hobeto ulertuko dugu lamiak zer zareten.
- Primeran! Goazen azkar!
- Ikusi mendizaleak, baso eta zelaiak....
- Jurdana, hasi nahi duzunean. - Amalurrek haurrak esertzen diren bitartean.


Beno, ni lamia bat naiz. Eta lamiek ile luzea izaten dugu eta gainera oso polita! Eta hain polita dugu Laienek oparitu zidan orrazia bezalakoak erabiltzen ditugulako egunero-egunero. Ilea orrazten dugu horrek lasaitu egiten gaituelako, eta lasai gaudenean abestu eta lana hobeto egiten dugulako. Lamiak erreka inguruan bizi gara beti, horregatik ditugu ahateen antzeko hankak. Uretan azkar-azkar mugitzeko erabiltzen ditugu.


- Jurdana, zubiak egiten dituzue? Aitatxok hori esaten du beti, lamiengatik ez balitz busti beharko genukeela... - Laienek.


Bai, pozik gaudenean, beste izakiei laguntzeko zubiak egiten ditugu. Erraz-erraz egiten ditugu gau batean zubi bat egin dezakegu eta ondoren gure abestien bidez beste izakiei adierazten diegu zubia non egin dugun. Zubi bat eraikitzen dugunean errekan bainatu egiten gara eta askotan beste izaki asko batzen dira festara. Abesti honekin hasten dugu festa:

Bainutxorako
ordua heldu da ta
gure zai dago
plastikozko ata
bañitorako
ordua heldu da ta
goza dezagun
plistiti-plastata
Bainutxorako
ordua heldu da ta
gure zai dago
plastikozko ata
bañitorako
ordua heldu da ta
goza dezagun
plistiti-plastata
Bainutxorako
ordua heldu da ta
gure zai dago
plastikozko ata
bañitorako
ordua heldu da ta
goza dezagun
plistiti-plastata

Arropa erantzita
salto uretara
bañeran sortutako
olatuetara
txanpuaren aparra
bakarrik falta da
garbi-garbi joan nahi
badugu lotara


Ilea busti eta
bizkarra igurtzi
lepaldean laztana
tripitan imurtxi
nahiz gorputzak ez dauzkan
zirrikitu gutxi
zikinari tarterik
ezin zaio utzi


Ekaitza pasa eta
barealdirako
lehortzea besterik
ez zaigu faltako
pijama jantzi eta
afaltzean bapo
guztia prest daukagu
ametsetarako


Festa amaitzean izarrekin amets egitera joaten gara guztiok abesti hau xuxurlatzen dugun bitartean.


- Aitatxi Mixelek esan zidan orrazia galtzen baduzue oso goibel jartzen zaretela.


Bai, orrazia da gure altxorrik handiena. Jentilek oparitzen dizkigute guk eraikitako zubiengatik eskerrak emateko, eta galtzen badugu, jentilak ere triste jartzen dira. Orrazia izaki desberdinen arteko loturaren zeinua da, horregatik lasaitzen gara orrazten garenean. Urrezko orrazi bat topatzen baduzue, utzi erreka batean eta ziur bere jabea topatuko duela, eta horrela guztiok pozik egongo gara.


- Galdera gehiagorik baduzue Jurdanarentzat? - Amalurrek.
- Jurdanarentzat ez, Amalur, bainatu gaitezke? - Akerrek oina errekan sartuz.
- Ez, Kataxulora itzuli behar dugu etxera joateko ordua hurbil dago eta. Beste egun batean bainatuko gara guztiok.
- Baina ziur bainatuko garela ezta? - Akerrek triste.
- Bai, Aker. Eguraldi ona dagoen egun batean etorriko gara. Goazen Kataxulorantz.
- Mendizaleak aurrera, goazen mendi magalera...
- Bihar nire txanda da!
- Martintxo! Zer kontatuko diguzu?
- Ah...... Hori bihar jakingo duzue!
- Bihar arte.
- Agur!
- Aio, aio, aio, aio, aio, aio!!!

Zirta, zirta, zirta, zart
izarrak elkar joka

zirta, zirta, zirta, zart
neri (guri) deika saltoka
Zirta, zirta, zirta, zart
amona ipuin konta

zirta,zirta,zirta,zart
Txomintxo badatro ta
Zirta, zirta, zirta, zart
umetxo zoaz lota!