Kimutx

Igandea

Izebak esaten du basoko izakien artean pertsonen
kultura hoberen ezagutzen duena naizela.

Eta osabak esaten du ni oreka naizela,
basoko izakien eta pertsonen arteko zubia...

Igandea - Ilargiaren eguna II

- Goiz zatoz gaur Martintxo - Laienek gosaltzen ari den bitartean.
- Bai, non dago Amalur?
- Hemen nago, egun on. Zergatik etorri zara hain goiz?
- Mesede bat eskatu nahi dizut. Joan gaitezke gaur Aiako Harrien puntara? Handik nire harriak ikusiko dira...
- Bai, ideia bikaina da. Besteak etorri bitartean gurekin gosaldu nahi?
- Bai, korrika etorri naiz eta ez dut etxean gosaldu!
- Eseri nire ondoan Martintxo! - Laienek tokia eginez.
- Egun on! - Kimutxek poz-pozik.
- Ez eseri Kimutx, mendian gora goaz gaur! - Martin Txikik.
- Ni nekatua nago... - Akerrek.
- Lasai Aker, ez gara asko ibili behar, apur bat gorago joango gara eta Martin Txikik erakutsi behar diguna ikusiko dugu. - Amalurrek.
- Goazen ba! - Tartalok Kataxuloko atetik.
- Tira ba, denok gaude eta goazen poliki-poliki. Tipi-tapa, tipi-tapa...
- Iritsi gara, Martin Txiki, has zaitezke.


Oso ondo! Tira, gu basoan bizi gara eta nire gurasoak apur bat astakiloak dira, baina ni ez naiz horrelakoa. Ni oso zintzoa naiz. Nire izebak esaten du ni naizela basoko izakien artean pertsonen kultura hoberen ezagutzen duena. Eta osabak esaten du ni oreka naizela, basoko izakien eta pertsonen arteko zubia naizela, denen kultura ezagutzen baitut. Niri izaki desberdinen ohiturak ikastea gustatzen zait eta ondoren besteei kontatzen diet ikusten dudana.


- Martintxo, zu ez zara hain txintxoa eh! - Tartalok.
- Tartalo, utziozu jarraitzen.
- Barkatu Amalur.


Tira, esaten ari nintzena... ni oso zintzoa naiz, eta asko ikasten dut beste izakiengandik. Horregatik aste honetan primeran pasa dut eta erne-erne egon naiz entzuten, orain askoz gauza gehiago dakizkit zuei buruz eta nire lagunei kontatuko dizkiet. Beno, baina hori beste kontu bat da... Basajaunek ere, Tartalok bezala indar handia dugu, eta horregatik etorri gara gaur hona gora. Ikusten dituzue han itsasertzean bi harri handi horiek?


- Bai!! - Denek aho batez.


Duela sei hilabete edo, jolasten ari nintzen beste basajaun batzuekin eta harririk handiena urrunen zeinek botako apustua egin genuen. Ba... nik harri erraldoi bat hartu eta indar guztiz jaurti nuen eta han geratu zen.


- Baina hori ez da harri erraldoi bat! - Norak.
- Noski! Gezurra delako bere istorioa! - Jurdanak.


Ez, ez da gezurra. Egia da. Harri erraldoi bat bota nuen hemendik. Baina itsasora iristean apurtu egin zen eta bi zati horiek geratu ziren itsasertzean. Gurasoak asko haserretu zitzaizkidan, eta ordutik, nire indarra kontuz erabiltzen ikasten ari naiz. Lasai, ez dut harririk botako eta.


- Oso ongi Martin Txiki, denok ikasi behar dugu gure gaitasunak era egokian erabiltzen. Eta orain goazen Kataxulora.
- Goazen!
- Gustatu zaizue Izakien Astea? - Amalurrek.
- Bai!
- Bai! Gauza piloa ikasi dugu!
- Eta primeran pasa dugu!
- Bai, ni ere oso gustora egon naiz. Datorren astean beste gauza batzuk ikasiko ditugu. Orain, denak etxera.
- Aio!
- Ez bota harririk eh, Martintxo! - Akerrek iheska.
- Ez dudala botako!
- Nik indar handiagoa dut ziur - Tartalok.
- Ez dakit ba nik... - Norak Tartalori begira.
- Indarrak ez du ezer balio bururik erabiltzen ez bada....- Jurdanak.
- Ondo pasa arratsaldea!
- Aio!
- Agur!
- Aio aio!