Kimutx

Astelehena

Kaixooo! Zer moduz?

Prest Kimutxen istorioa entzuteko?

Astelehena - Ilargiaren eguna I

- Egun on! Zer moduz? Prest Kimutxen istorioa entzuteko?


Gaur nire txanda da! Nire familiaren jatorria azalduko dizuet. Oso istorio polita da beraz isil-isilik entzun.

- Kimutx, Kimutx, zu ze izaki mota zara?
- Tartalo, Kimutx iratxo bat da, basoko izakirik txikienetakoa. -Amalurrek.
- Iratxoa! Ze izen polita!- Tartalok.
- Kimutx, hasi zure istorioa kontatzen! Hasi, hasi, hasi! - Jurdanak.


Amonak kontatu zidan iratxoak aspaldi-aspaldi sortu ginela. San Juan gau batean izan zen. Urtero bezala, basoko izaki guztiak gau majikoa ospatzen ari ziren eta bapatean denak iratze multzo bati begira geratu ziren. Inoiz gertatu ez zena gertatzen ari zen, iratzeak haziak sortu zituen eta bertatik, nire arbasoak sortu ziren: lehenengo iratxoak.

Basoko izaki guztiek ospatu zuten gure sorrera eta ordutik beraiekin batera bizi gara. Amonak dio izakirik langile eta zintzoenetakoak garela. Bai, txiki-txikiak gara baina hori ez da guretzat arazo. Indar handia dugu eta gainera beti umore ona izaten dugu; beno ia-ia beti! Ji-ji-ji.

Oso langileak gara, gure ingurukoak alaitzen saiatzen gara eta gainera, beti laguntzeko prest egoten gara. Badakizue zer? Trikimailu bat daukagu, zuei bakarrik kontatuko dizuet... Lanak hobeto egiteko abestiak sortzen ditugu, kantari eta dantzan berehala bukatzen ditugu egin beharrekoak eta gainera, oso-oso ondo pasatzen dugu! Horregatik etortzen naiz beti kantari eta kriskitinka eskolara...

Oh! Nola sortu ginen kontatzen ari nintzen, barkatu... Gau majiko horren ondoren, beste izakien laguntzaz gure herrialdeak sortu genituen iratzeen artean eta poliki-poliki basoko beste izaki guztien lagun bihurtu ginen. Egunak joan egunak etorri, basoko beste izakiez gain gizakiak ere ezagutu genituen eta hauei ere laguntzea erabaki genuen. Pertsonek gauez lo egiten dutenez, ordu horietan, euren soroak zaintzeari ekin genion barazki eta fruitu goxo-goxoak izan zitzaten. Batzuetan haziak ondo lurperatzen genituen, besteetan ureztatu, izotzetik babestu... eta landareak hazten hasi ziren. Berehala konturatu ziren pertsonak egiten genien mesedeaz eta noizean behin festa batekin eskertzen ziguten. Guk geure abestiak eta beraiek eurenak irakasten zizkiguten... zoragarriak izaten omen ziren lehen, eta oraindik, gaur egun ere, festa horiek ospatzen jarraitzen dugu. Primeran pasatzen dut festan eta parrandan elkarri zirika-mirika!

Urtebete geroago, berriro ere San Juan gaua iritsi zenean izaki guztiak iratzeen inguruan bildu ziren, ea aurreko urteko miraria berriro errepikatuko ote zen zain. Eta bai, hala izan zen! Iratxo gehiago sortu ziren! Eta baita handik aurrerako urte guztietan ere. Ni ere, San Juan gau batean sortu nitzen, Jaizkibel mendiko iratze baten azpian.

Baina badakizue zer den politena? Iratze desberdinetatik sortzen diren iratxo guztiak ez garela berdinak! Iratxo familia desberdinak badaude, ez pentsa denak ni bezain politak direnik! Baditut lehengusu galtzagorriak: ze xelebreak diren! Beti euren galtza gorri-gorri eta handi handiekin eta behin eta berriro “eta orain zer?” errepikatzen dute, ezin dute geldirik egon! Beti lan eta lan... Ez dakit ezagutuko duzuen, baina abesti honekin janzten dituzte beraien galtza gorri-gorriak!

Arropak hartu, hartu
inguruan batu
apatxi jantzi, jantzi
begirik ez itxi
Draka-draka trostean
badator zaldia
axkar-azkar mugitu
daigun ipurdia

Arropak hartu, hartu
inguruan batu
apatxi jantzi, jantzi
begirik ez itxi
Kukurruka hasi da
aspaldi oilarra
bizkor bizkor mugitu
dezagun paparra

Arropak hartu, hartu
inguruan batu
apatxi jantzi, jantzi
begirik ez itxi
Kli-klo kli-klo saltoka
badatoz zapoak
arin arin mugitu
ditzagun zangoak

Arropak hartu, hartu
inguruan batu
apatxi jantzi, jantzi
begirik ez itxi
Teilatuan kla-kla-kla
dabiltza zikoinak
bixi-bixi mugitu
ditzagun bi oinak


Eta naspetxoak ere bai... horiek ez ditut inoiz ikusi baina amonak esan zidan horiek alperragoak direla, eta eguzkia asko maite dutela, egunez eguzkitan etzanda egoten direla eta gauez bakarrik egiten dutela lan. Oh! Eta badira bihurriagoak diren beste batzuk ere... gauzak lekuz aldatzen dituzte, ezkutatu... Amalur! Ikusten nola ni ez naizen horren bihurria?


- Bai, Kimutx, zu oso zintzo egoten zara beti. Oso istorio polita kontatu diguzu. Norbaitek zerbait galdetu nahi dio Kimutxi iratxoei buruz?
- Amalur! Nik bai! Kimutx, Kimutx... horren txikiak izanik ez zarete pila-pila-pila bat nekatzen?
- Ez, Tartalo, ez. Iratxoek badute mugitzeko modu berezi bat. Azalduiozu Kimutx nola bidaiatzen duzuen iratxoek.


Beno, oso erraza da. Saltoka eta dantzan ibiltzen gara. Guri asko-asko gustatzen zaigu abestu eta dantzatzea eta alde batetik bestera dantzan eta saltoka joaten gara. Txikiak baldin bagara ere, oso jauzi handiak egiten ditugu eta leku batetik bestera berehala iristen gara.


- Kimutx! Ze sustoa! - esan zuen Tartalok.
- Beste galderarik?
- Kimutx! Nire aitak esan zidan iratxoak edonon bizi daitezkela, Hori egia al da?


Bai, edonon bizi gaitezke. Baina basoa maite dugu gehien. Basoak eta haurren logelak. Haurrekin jolastea asko gustatzen zaigu eta beraien geletan bizi diren iratxoek primeran pasatzen dute haurren jostailuen artean. Gainera, jostailuak jasotzeko abesti oso polit bat dute... Amalur, abes dezaket?


-Bai, noski. Denok ikasiko dugu horrela.

Jostailuak jasotzen
Hasiko al gara?
Jostailuek ere joan
Behar dute lotara
Bakoitza bere apal
Ta bere kutxara
Jostailuak zaintzea
Jolas polita da!

Ze ondo pasa dugun
Haiek lagunduta
Handiak zein txikiak
Maite digu ta
Dagoeneko daude
Denak nekatuta
Hobe bakoitza bere
ohean sartuta

Zenbat une goxo
Beraiekin batera
Orain eskertzeko
Badaukagu aukera
Ederki egiten
Badakigu gainera
Bat bi eta hiru,
Goazen jasotzera!

Zenbat une goxo
Beraiekin batera
Orain eskertzeko
Badaukagu aukera
Ederki egiten
Badakigu gainera
Bat bi eta hiru,
Goazen jasotzera!


- Ze polita Kimutx! Horrela ez naiz jostailuak jasotzen aspertuko!
- Berriro! Berriro!
- Ez, gaurkoz nahikoa. Etxera joateko ordua da. Bihar Akerren kondaira entzungo dugu.
- Ikusiko duzue zeinen politak diren akelarreak! - Akerrek.
- Bihar arte!
- Aio!
- Agur!
- Aio pelaio