Kimutx

Asteazkena

Ba sorginak oso magikoak garela esan dit amonak.

Eta gu guztion sortzailea Mari izan zela...

Asteazkena - Astearen amaiera

- Egun on denoi. Gaur, sorginen mundua ezagutuko dugu, ezta Nora?
- Bai. Lotsa apur bat ematen dit, baina gauza piloa kontatuko dizuet. - Norak Amalurren aldamenean lekua hartzen duen bitartean.
- Nora! Nire anaiak esaten du sorginak gaizto-gaiztoak zaretela!
- Martin Txiki! Nola izango da Nora gaiztoa? - Tartalok harrituta.
- Zure anaiak ez daki ezer! - Laienek Nora defendatu asmoz.
- Tira, nahikoa da, entzun dezagun Norak zer esaten duen. - Amalurrek goxo.


Ba sorginak... beno, gu... Aix! Ez dakit nondik hasi! Tira... Ba sorginak oso magikoak garela esan dit amonak. Eta gu guztion sortzailea Mari izan zela. Mari Anboton bizi den sorgin boteretsu bat da eta berarengandik ikasten dugu sorgin guztiek. Beno, guztiek ez. Txikiak garenek gure amatxo eta amonarekin ikasten dugu.


- Nora! Baina ikasi ikastolan egiten dela! - Tartalok.


Tartalo! Leku guztietan ikasten dela esaten du amak. Etxean ukenduak nola egin ikasten dut, eta nola ulertu ametsak, eta nola lagundu behar dutenei... beno... eta mila gauza gehiago! Ostiral bakoitzean sorgin desberdin baten koban biltzen gara haur eta heldu eta mendian bildutako belarrekin gaixotasun desberdinak sendatzeko ukenduak prestatzen ditugu denon artean.


- Egia da! Niri aitatxok ematen dizkit zuek egindako botikak eta berehala sendatzen naiz.- Laienek.


Botikez gain gauza gehiago ere egiten ditugu... natura zaintzeaz arduratzen gara, eta besteei laguntzeaz, gure iragarpenekin izaki guztiei laguntzen diegu arazorik izan ez dezaten. Eta zer gehiago kontatuko dizuet?

Badakit! Atzo akerrek kontatu zuen akelarretara joaten garela eta gure sendagaiak besteei ematen dizkiegula eta ez hori bakarrik janariak prestatzen ere oso onak gara! Abesti bat daukagu otorduetarako:

Zer da dardara-hots hau
trumoia ote da?
Bai zera, bai zera!
Nire sabela da-ta!...
Goazen jatera.
Zer da dirdir urdin hau
Izar bat ote da?
Bai zera, bai zera!
Koilaratxoa da-ta!...
Goazen jatera.
Trumoia, ilargia,
Izarra, haizea...
Bai zera, bai zera!
Bazkaria (afaria) prest dago.

Zer da usain epel hau
haizea ote da?
Bai zera, bai zera!
Sukaldetik dator-ta!...
Goazen jatera.

Zer da bisai zuri hau
Ilargia ote da?
Bai zera, bai zera!
Nire platera da-ta!..
Goazen jatera.


- Oso polita Nora! - Amalurrek haurrak esertzen diren bitartean.
- Gosea piztu didazu! - Kimutxek sabela ukituz.


Beti gosez zaude Kimutx! Amaitzeko... badakizue zer? Oso-oso jatorrak gara (kar,kar,kar), eta politak, eta txintxoak...


- Nora beti berdin!


Egia da eta Martintxo! Beno, eta sorginok asko ibiltzen gara gauez, ilargiaren indarrarekin belarrek ukendu hobeak sortzen dituztelako... hori esaten du amonak... Ilargi betea dagoen gauetan gainera, akelarrea izaten dute, eta laster-laster, handia naizenean ni ere joango naiz akerrekin batera! Baina niri oraindik ez didate gauez joaten uzten! Gauetan sorginak belarrak biltzera doazenean aztiak geratzen dira guri sehaska kantuak abestu eta loaren babesle, ni, aitatxi Mixelek zaintzen nau eta hau abesten dit:

Agur eginik egun guziko nekeri,
eguzkia nun gorde den ez da ageri.
Gau on erraiten digu ilunak deneri
orain lo haundi baten egitera txauri.
Gau on erraiten digu ilunak deneri
Atseden ta atsegin, denen izan bedi.

Eguna baidiguzu zorionez bete,
aiton amon, aitamek zoin zaitugun maite!
Jostailuek ere lo egin behar dute,
izarrek dener argi eginen digute.
Jostailuek ere lo egin behar dute,
zuk ere, maitea, lo egin, bihar arte.


- Bai! Primeran pasako dugu! - Akerrek poz-pozik.
- Beno, Nora, zerbait gehiago esan nahi?


Bai! Gaixorik zaudetenean sorginei deitzeko irrintzi egin behar duzue, eta berehala agertuko da gutako bat zuei laguntzeko prest. Ni oraindik ez, baina, nire amatxo edo beste norbait joango da. Eta gogoratu, ilargiari begiratzen diozuenean itzalen bat ikusten baduzue, ziur egon sorgin bat dabilela inguruan. Baina lasai, ez gara gaiztoak eta Martin Txiki, zure anaia nahasturik dago.

Eta badakizue zer? Gaur gauean amestu dut gu lagun handiak izango garela betirako... eta sorginok beti asmatzen dugu!


- Hala izan dadila. Eta orain etxera guztiok.
- Bihar arte!
- Agur!
- Itxaroooon!
- Aio aio!