Kimutx

Asteartea

Akelarreak bizitzaren festak direla esaten du beti aitak.

Laguntasunaren festa direla.

Asteartea - Marteren eguna

- Egun on!
- Aker, goiz zabiltza gaur! - Laienek harriturik.
- Gaur nire eguna da eta urduri samar nago.
- Lasai, Aker, ikusiko duzu, denei gustatuko zaie kontatzeko duzun istorioa eta.

Amalurrek beti bezain gozo Akerren alboan eseritzen den bitartean.

- Zer duzu motxilan? - Laienek Akerren motxilan eskua sartzen duen bitartean.
- Akelarrean erabiltzen ditugun gauzak ekarri ditut Amalur, jar ditzaket hor?
- Noski, Akelarre txiki bat egingo dugu! - Amalurrek gauza guztiak bere lekuan jartzen zituen bitartean.

Beranduxeago...

- Zer da hau?! - Jurdanak Kataxuloko sarreratik.
- Gaur nire eguna da! Sartu eta hasiko gara Akelarrearekin! - Akerrek harro-harro.
- Hara! Harriren bat mugitu behar bada esan niri eh! - Martin Txikik urduri.
- Lasai, dena prest dago. Eser zaitezte eta berehala hasiko gara.
- Aker, guztiok gaude. Nahi duzunean...
- Beno, gaur nire txanda da eta akelarre txiki bat egitea pentsatu dut.
- Ze ongi! Ze ongi! Akelarrea! Amak eta izebak ez didate oraindik joaten uzten... - Norak.
- Horregatik esan dut txikia Nora! Ni ere ez naiz inoiz egon baina askotan kontatu didate. Beno, hasi egingo gara...


Akelarreak bizitzaren festak direla esaten du beti aitak. Laguntasunaren festa direla. Bizitza ospatzen dute izaki desberdinek eta gu desberdinak garenez akelarre txiki bat egingo dugu. Orain ez dago ilargi beterik baina akelarreak ilargi betea dagoenean ospatzen dira leize desberdinetan. Sorginak, aztiak eta akerrak elkartzen dira gehienetan baina aitak esan zidan behin izaki guztiak gonbidaturik daudela. Ilargi betea dagoen gauetan aztiek, sorginek, akerrek eta nahi dutenek hilabete horretan zehar egindako ukenduak, tresnak, baratzean jaiotako barazkiak, fruituak... eramaten dituzte leizeetara eta han suaren inguruan denen artean gozatzen dituzte. Maitasunaren festa denez hilabetean zehar izandako liskarrak konpondu eta muxuak eta besarkadak izaten dira umore txarraren ordezko.

Nik ez dut inoiz ikusi gauerdian lo egoten naizelako baina aitak beti kontatzen digu arazo guztiak sutan erre eta ilargiaren argiak energiaz eta alaitasunez betetzen dizkiela bihotzak. Eta horregatik behar-beharrezkoak direla akelarreak, guztiek bat egin eta alai bizitza ospatzen dutelako.
Egingo dugu guk ere?


- Bai!!! - Denek, aho batez.

Su txiki baten inguruan denak alai eta urduri kokatu ondoren Amalurrek Akerri jarraitzeko eskatu dio.


Aitak beti esaten du festaren garrantzitsuena maitasuna dela, beraz abesti batekin ospatzen dute. Entzun hadi eta abestu dakizuenek:

Pailazoak sudurra
gorria du hara
Ta hari esker egin
ohi dugu algara
umorez bizitzeko
aukerarik bada
barre egin ta lagun
bihurtuko gara
Tximeleta hor dabil
dantzari gisara
ta erakarri ohi du
gure begirada
tximeleta aireko
dantzaria bada
dantza egin ta lagun
bihurtuko gara

Nahiz ta elurra ari
duen mara-mara
txantxangorria dator
gure etxeetara
kantatuz bizitzeko
aukerarik bada
ongi entzun ta lagun
bihurtuko gara
Ilargiak goxoki
edertzen du gaba
argi finez argitzen
du gure bailara
ilargia ametsen
zaindaria bada
lo egin eta lagun
bihurtuko gara


- Tartalo, mugitu ipurdia!
- Ez dakit dantzan. Lotsa ematen dit.
- Heldu albokoei eskuetatik eta mugitu musikarekin. - Amalurrek eskua emanaz.
- Hau bai akelarrea!-Norak pozaren pozez.
- Bai, Aker festa polita antolatu duzu. Baina orain etxera joateko ordua dugu. Bihar zeinen txanda da?
- Nirea! Bihar sorginen eguna da!
- Oso ongi Nora, bihar zeure istorioa entzungo dugu
- Bihar arte!
- Itxaron pixkat Kimutx, nik ezin dut horren azkar joan!
- Abestuko dugu etxera joateko abestia?
- Bai!!

Tan tarrapan, tan-tan tan-tan
ehunzangoa lau hankan
zangoak mugitzen ditu
belarrien faltan-tan
Tan tarrapan, tan-tan tan-tan
ehunzangoa lau hankan
zangoak mugitzen ditu
belarrien faltan-tan

Mugitu hanka, oin eta izter
eskuin-ezker, eskuin-ezker
mugitu oinak eta aurrera
joan gaitezen etxera

Mugitu hanka biguin-biguin
ezker-eskuin, ezker-eskuin
ta etxerako bidea ere
bihurtu dezagun ipuin


Tximeleten eran goaz
nahiz ta ez jakin hegan
bide berria eginez
aurrera goazen eran.

Bagoaz, denak ilaran
txingurri batzuen gisan
bagoaz, saltoka nahiz ta
matxinsaltoak ez izan.