Kimutx


Albistea

HERRI BIZIA etorkizunaren bidean

Orereta-Errenteriako udalak HERRI BIZIA egitasmoa martxan jarri zuenetik mordoak dira herriko jendearekin egin diren bilera irekiak, emankorrak burutu diren egitasmoak (Kabia espazio kreatiboa kasu), eta agerikoa udala eta herritarron artean sortu den komunikazio eta elkarlanerako zubia.

Herri giro horren baitan burutuko da Kimutx proiektuaren aurkezpena otsailaren 10ean (igandea) Errenteria-Oreretako Xenpelar etxean. Sarrera doakoa da eta bi saio burutuko dira 17:00ean eta 18:00ean. Egitasmoaren aurkezpena haur zein guraso eta orokorrean haurren mundua maite dutenei zuzenduta dago eta bertan Euskal Herriko pertsonaia mitologikoak ezagutu ditugu, zuzeneko musikaren bitartez kantu berriak entzuteko aukera egongo da eta....

Lerro hauen bitartez, eskerrak eman nahi dizkiogu Errenteria-Oreretako udalari, eta bereziki Kultura eta hezkuntza sailari, proiektu honetan sinestu eta babesteagatik. Bihotzez egin dugu lan azkeneko 4 urte hauetan auzolanean Euskal Herri osoko 40 pertsona desberdin bakoitza dakiena eginez Kimutx egitasmoa gorpuztuz. Bidea zinez aberasgarria izan da guztiontzat eta emaitza zuek guztiokin konpartitu nahi dugu.

Orain sortutako materiala (ipuinak, kantak, partiturak, irudi mozgarriak, koloreztatzeko irudiak...) Orereta-Errenteriako haur eskoletako gela guztietan egongo da, baita ikastetxeetan ere. Gu bezala zuek ere goza dezazuen espero dugu.